Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Aramis López, Fermín Alonso, Eloísa Ramírez eta José María Yturralde.

Ezkerretik eskuinera: Aramis López, Fermín Alonso, Eloísa Ramírez eta José María Yturralde.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak zabaldu du, Iruñeko Conde de Rodezno Arteoan, Iruñeko Topaketen 40. urteurrena ospatzen duen erakusketa bat. Topaketa hauek XX. mendeko bigarren aldeko gertakari artistiko garrantzikoenetako bat izan ziren. Erakusketak islatzen du Unibertsitate Konplutentseko Kalkulu Zentroak izan zuen eragina 70eko hamarkadako abangoardia artistikoaren sorkuntzan. Izan ere, zentroan lan egin zuten artista askok beren lanak erakutsi zituzten Iruñean 1972ko topaketetan.

Erakusketaren izenburua honako hau da: "Madrilgo Unibertsitateko Kalkulu Zentroa (1965-1982): zenbakizko kalkulutik sormen irekira". Eloísa Ramírez Vaquerok, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, aurkeztu du gaur, irailaren 19an, Fermín Alonso Ibarra Iruñeko Udaleko hezkuntza eta Kulturarako zinegotzi delegatua, Aramis López Juan erakusketako komisarioa eta José María Yturralde Madrilgo Unibertsitateko Kalkulu Zentroko bekadun ohi eta artista lagun zituela.

"Protagonistei egiten dien omenaldiaz haratago, erakusketa honek gogorarazi nahi du Unibertsitatearen zereginetako bat dela ezagutzaren eta berrikuntza sortzaileenaren isuria emankorrago bihurtzea", idatzi du Eloísa Ramírez Vaquerok erakusketaren katalogoan. Erakusketa urriaren 31ra arte egongo da ikusgai, Conde de Rodezno Aretoan (Conde de Rodezno plaza, z/g).

Erakusketaren harira, kontzertu bat izango da, Nafarroako Museoan, urriaren 4an, 20:00etan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin lankidetzan. Kontzertuan Kalkulu Zentroan egon ziren artista batzuek -Antonio Agúndezek, Emiliano del Cerrok, Lejaren Hillerrek, José Igesek eta Javier Maderuelok- sortutako obrak interpretatuko dira. Joseba Torrek zuzenduko du orkestra.

Unibertsitateko lehen ordenagailua

zoom Conde de Rodezno Aretoan erakusten diren obren lagin bat, Aramis López komisarioarekin.

Conde de Rodezno Aretoan erakusten diren obren lagin bat, Aramis López komisarioarekin.

Madrilgo Kalkulu Zentroaren sorrera 1966an gertatu zen, Unibertsitate Konplutentsera (orduan Madrilgo Unibertsitatea) IBM makina bat iritsi zenean, Espainiako unibertsitatean egon zen lehen ordenagailua izan zena, eta unibertsitate ikerketarako eta irakaskuntzarako kalkulu automatikorako erabili zena. Izan ere, prozesamendu-gaitasunaren aldetik, munduko bost onenen artean zegoen. Hasierako helburu hori betetzeaz aparte, Kalkulu Zentroa sormen artistiko abangoardistenaren akuilua izan zen, sormen-lana eta forma plastikoen zein musikalen sorketa automatikoa bultzatuz.

Urte batzuk geroago, Kalkulu Zentroan lan egin izan zuten artistetako askok (José Luis Alexancok, Ignacio Gómez de Liañok, Luis Lugánek…), beren obrak erakutsi zituzten 1972ko Iruñeko Topaketetan, mundu guztiko beste 350 sortzailerekin batera. Horrek ekarri zuen arte publiko kontzeptualaren eztanda bat.

Erakusketan, honako artista hauek dira parte-hartzaileak: lehen aipatutako José Luis Alexanco, Ignacio Gómez de Liaño, José María Yturralde eta Luis Lugán; Manuel Barbadillo, Ana Buenaventura, Luis Gómez Perales, Lely Grennham, Gerardo Rueda, Javier Seguí eta Eusebio Sempere; baita Elena Asins ere, 2011ko Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi zuena.

Esaterako, erakusketan ikusgai daude Luis Luganék Iruñeko Sarasate pasealekuan 1972ko Topaketetan jarri zituen telefono aleatorioak. Gainera, artistetako bi lotuta daude, nolabait, Foru Erkidegoarekin: José María Yturraldek haurtzaroaren zati handi bat Nafarroan pasatu zuen, eta Elena Asins Azpirotzen (Larraun) bizi da.

Omenaldia aitzindariei

Erakusketa Madrilgo Unibertsitateko Kalkulu Zentroa martxan ipintzen lagundu zuten aitzindari guztiei (irakasleei, artistei, unibertsitateko ikertzaileei) egiten zaien omenaldia da, zentro horrek, jardunean egon zen urteetan, mota askotako ondarea eta ikerketa-lerro edotarikoak sortu zituelako. Esaterako, hari esker sartu ziren Espainian gramatika sortzaileen eta konputazio zientzien ikasketak. Eta oso emankorrak izan ziren hogei bat mintegi martxan jarri ziren. Horietako hiruk Madrilgo unibertsitateen ondarearen parte izatera pasatu diren pieza asko sortu zituzten. Hauek izan ziren: Forma plastikoen mintegia, Espazio arkitektonikoen konposizioarena, eta Musikarena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erakusketa honen jatorrizko proiektua Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearena da, eta Moncloa-Nazioarteko Bikaintasuneko Campusak babesten du. Beste honako hauek ere laguntzaileak dira: Iruñeko Udala, Arte garaikideko Huarte Zentroa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge Oteiza Katedra, ACE (Espainiako Kultura Ekintza), Alacanteko Unibertsitatea, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoa.

Erakusketaren ordutegia honako hau da: asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igandeetan eta jai-egunetan, 12:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita egongo da.